orokortasunak

 

 
 
 
 
 
 

HELBURUAK

  1. Zaratari buruzko oinarrizko informazioa jasotzea.

  2. Zarata-mota arruntenak zeintzuk diren eta nola neurtzen diren aipatzea.

  3. Zarata-mapak deskribatzea.

  4. Zarata-maila nola murriztu daiteken jakitea.

 

 

DESKRIBAPENA

Gaur eguneko bizimoduan, garatutako herrialdeetan zarata akustikoa gero eta nabarmenagoa da. Zarata desatsegina jasatea osasunerako gero eta kaltegarriagotzat hartzen da eta luzaroko efektuak gero eta ezagunagoak dira. Efektu kaltegarrienetako bat entzumena galtzea da, baina entzumenean zenbait faktore ezberdinek eragina dute:

  • Adina
  • Lanpostuko zarata
  • Beste jardueretako zarata
  • Prozesu patologikoak

 

 

Zarata aztertzea konplexua izaten da, askotan bibrazio ez-periodikoek sortuak direlako eta gainera gehienetan espektro entzungarri osoan zeharreko frekuentzia ezberdinak ageri direlako.

 

 

Zarata-motak

Zaratak sailkatzeko denboraren arabera edota frekuentziaren arabera egin daiteke:

 

Frekuentziaren arabera, zarataren sailkapenetik aipagarria da "zarata zuria" deritzona, hau da, soinu-presioa konstante mantentzen duena maiztasun-tarte zabal batean, hortaz, frekuentzia guztiek intentsitate berbera dute.

 

Zarata neurtzea

Zarata bat desatsegina den ala ez esatea ez da gauza erraza, desatsegintasuna parametro subjektiboa delako. Ezatsegintasuna neurtu ahal izateko zarataren magnitude neurgarrien erreferentziak behar dira, gero beraiekin konparatu ahal izateko.

Ikuspegi objektibotik neurketarik errazena soinu-presioa da, hau da, presioaren aldakuntzak presio atmosferikoaren gainetik. Giza belarriaren sentikortasunak detekta ditzaken soinu-presio aldakuntzak 20 mikropascaletik 20 pascalera doaz, eta detekta ditzaken frekuentziak 20 Hz-tik 20000 Hz-ra. Horregatik ez dira erabiltzen eskala linealak, ez direlako erabilgarriak hain tarte zabaletan, eskala logaritmikoa ordea, erosoagoa da. Eskala logaritmikoak presio akustikoa deciBell-etan neurtzen du.

Presio akustikoa soinu-iturriaren potentziaren menpekoa da, baina baita iturritik neurketa-puntura dagoen distantziaren menpekoa, eta inguruaren tenperaturaren zein hezetasun-mailaren menpekoa ere. Batzutan iturri batek sortutako zarata neurtzeko errazena izaten da potentzia akustikoa bera neurtzea, honek ez duelako iturritik neurketa-punturainoko distantziaren menpekotasunik, ezta inguruaren baldintzen menpekotasunik ere. Potentzia akustikoa neurtzea erabilgarria izan daiteke antzeko makinen arteko konparaketa zuzena egin ahal izateko. 

Hala ere zarata-iturriak lokalizatu nahi baldin badira, potentzia akustikoaz gain, tokian tokiko soinu-intentsitatea ere neurtzea garrantzizkoa izan daiteke, soinuaren fluxuaren propagazioaren berri ematen digulako. Intentsitate-neurketak edozein tokitan eta edozein ingurutan gauzatu daitezke, baina soinu-intentsitatea iturrirainoko distantziarekin aldakorra denez, intentsitate-neurketa bat burutzen denean, soinu-eremuaren toki berean presio akustikoa eta abiadura ere neurtu behar dira. Gaur eguneko neurketa-tresna gehienek intentsitate akustikoa zuzen-zuzenean neurtzen dute.

Soinu-iturri baten potentzia akustikoa ezagutzen bada, eta soinua norabide guztietan uniformeki hedatzen bada, iturritik r distantziara presio akustikoa dB-tan honako adierazpenaz kalkula daiteke:  

Lp = Lw - 20 logr - 10.9

hemen r metrotan adierazi behar da eta Lw dB-tan.

Zarata-mapak

Gaur egun ingurugiroaren zarata oso desatsegina izan daiteke hiritarrentzat. Erromatarren garaian ere baziren arauak gurdien burdinazko gurpilek errepideko zoladuran sortzen zuten zarata mugatzeko. Erdi aroan ere Europako zenbait hiritan gauez zalgurdiz ibiltzea debekatuta zegoen biztanleen loaldia babesteko. 

Hala ere, gaur egun zarataren arazoa askoz ere larriagoa da zarata-iturriak ugariagoak eta konplexuagoak direlako, zarata sortzen den erritmoa bera ere bizkorragoa delako, eta populazio gehiena toki gutxian kontzentratzen delako: hirietan trafikoak, hegazkinek, trenek eta abar oso zarata-maila altua sortzen dute.

Gaur egun hirietako mapa akustikoak gauzatzen dira hirietako zaratari buruzko informazioa biltzeko, gerora biztanleriaren ingurugiroa eta osasuna hobetzeko asmoz.

 

 

ADIBIDE ETA SIMULAZIOAK

Zarata-mapa bat gauzatzea

Inguru geografiko batean zarata-mapa bat gauzatzea elementala da baina, ondoren ikusiko dugunez, zenbait atal kontutan izan behar dira:

  • Neurketa-puntuak aukeratzea: eskualdea mugatuta dagoenean gutxienez lau toki ezberdin aukeratzen dira (edo toki gehiago hala uste bada) hain zuzen, eskualde horretako interesgarrienak edo berezienak. Auzo batean adibidez, ospitaleen inguruak, osasun-zentroak, liburutegiak, aisialdirako eskualdeak, trafiko trinkoa duten kale-aldeak, eta abar. Puntu guzti hauek krokis batean adieraz daitezke.

  • Neurketa-aldiuneak aukeratzea: Dauzkagun medioen arabera, lan-taldea eta denboraren arabera zentzuzko programaketa egin behar da. Egingo den mapa akustiko-mota mugatuta dagoenean (egunez, gauez, lanegun edo jaiegunetakoa, eta abar) neurketak hartzeko programazioa egin behar da (orduak, egunak, asteak, etab) eta neurketa bakoitzaren eta guztien iraupena, datuak benetan adierazgarriak izan daitezen.

  • Datuak jasotzea: Datuak jasotzeko soinu-maila neurtzen da modu elementalean sonometro batez, baina denbora-tarte adierazgarri batean eta aldiune ezberdinetan. Adibidez, lau orduko tarte bat neurtu nahi bada, 8-etatik 12-ak arte, minuturo neurketa bat egin daiteke eta hamabost minutu kontsekutibotan errepikatu (8-etatik 12-ak arteko tartean noski). Jasotako neurketa guztien batezbestekoa egin daiteke eta emaitza har daiteke denbora-tarte horretako zarata-mailaren baliotzat.

  • Emaitzak aurkeztea: Neurketa-toki bakoitzerako emaitzen fitxa bat betetzen da atxikita dagoen artxiboan: zarata-mapa "1 Orrian". (oharra: aipaturiko lotura sakatu ondoren "Autentifikazio-informazioa idatz ezazu" eskatzen zaizunean saka ezazu "Kitatu"). Aurreko orrian "1 Taulan" sartzen den balio bakoitza aurreko atalean azaldutako zarata-mailaren neurketa da. "1 Taula" osatuta dagoenean, kalkulu-orriak automatikoki sortzen du "1irudia".  Gainontzeko irudiak sortzeko, 2 eta 3 alegia, "2 Taularen" datuak osatu behar dira, horretarako "1Taulako" zarata-mailaren tarte bakoitzerako egindako neurketa-kopurua zenbatu eta idatz ezazu "2 Taulan" dagokion laukitxoan. 3 irudia ere kalkulu-orriak automatikoki sortuko du. 2 Orrian ("2 Orria") adibide bat aurkezten da: ospitale baten ondoko errepide batean egindako neurketak astelehenetik ostiralera bi astetan zehar (oharra: zeure datuak 1 Orrian sartu ondoren honako orri honetara itzuli nahi baduzu, 1 Orriaren ezkerreko eta goiko aldean ikurra sakatuz, galdera bat egingo dizu: "Aldaketak gorde nahi dituzu?" erantzun ezazu ezetz).

  • Konklusioak: fitxak aztertuz ondorioak ateratzen saiatu behar gara: zarata-iturriak detektatu eta identifikatu. Kutsadura akustikoa sortzen duten iturri anomaloak, jarduera zaratatsuenen ordutegiak eta eskualde ezberdinen arteko konparazioak.

  • Gomendioak: Saia zaitez gomendioak ematen: zarata gutxitzeko neurri posibleak (jarduera zaratatsuak eliminatuz, zarata behar-gabeak edo desegokiak baztertuz) edo arazoentzako neurriak ohartarazi. Kasua denean, jakinarazi ezazu zein den tokirik egokiena ikasketa-zentroak edo liburutegiak kokatzeko.

  • Inkesta osagarriak: inguru geografikoaren zarata-maparekin batera, bertoko biztanleen iritziak jaso ditzakezu inkestak burutuz, eta horrela informazio osagarria eta baliagarria lor dezakezu.

 

 

Zarata gutxitzea

Praktikan, zarata kontrolatzen saiatzea ia beti izaten da zarata gutxitzeko neurriak hartzea. Jeneralean zarata-arazo bat konpontzea aipatzen denean gehienetan helburua zarata-maila gutxitzea izaten da. Hala ere ez dira kontzeptu berdinak, adibidez, areto baten kalitate akustikoa hobetzeko zarata kontrolatu behar da eta ez gutxitu.

Zarata-ekoizpena eragozteko, normalean eta lehentasunaren arabera ordenatuta hauek dira ohizko neurriak:

  • Zarata kontrolatzea iturrian.
  • Zarata kontrolatzea transmisioan.
  • Zarata kontrolatzea errezeptorean.

Ondoko eskema zarataren kontrolerako laguntza egokia izan daiteke:

 

GALDERAK

a Nola defini daiteke zarata?

  1. soinu atsegin bat.

  2. soinu ezatsegin bat.

  3. edozein soinu.

  4. soinu periodiko bat.

b Zortzidun osoko banda batentzat f2 = 1414 Hz bada, zein da frekuentzia erdikaria?

  1. 2000 Hz

  2. l000 Hz

  3. 710 Hz

  4. 500 Hz

c Nolakoa da zarata jarrai eta konstante bat?

  1. edozein magnitudeko zenbait fluktuazio aleatorio dituena.

  2. 5dB edo gutxiagoko fluktuazio asko dituena.

  3. zenbait aldakuntza inpultsibo dituena.

  4. inolako aldakuntzarik ez duena.

d Hiru zarata-iturriren intentsitate-mailak dira: 60, 65 eta 70 dB. Zein da hirurak elkartzean sortutako zarata maila?

  1. 195 dB

  2. 65 dB

  3. 71.5 dB

  4. 0 dB

e Bulego baten ondoko gela batean zarata indartsua bada, zein da soluziorik onena?

  1. areto bien arteko hormak hobetzea.

  2. iturriak sortzen duen zarata gutxitzea

  3. bulegoko langileek belarri-babesak erabiltzea.

  4. aurreko hiru neurriak baliokideak dira.

  Emaitzak:  a2   b2   c2   d3   e2  

MULTIMEDIA ETA WEB BALIABIDEAK

Gai honetaz gehiago irakurri nahi baduzu, ondoko estekan erreferentziak aurkituko dituzu:   , eta gero honako atalean  .

AUTO-AZTERKETA

orokortasunak

 

aurreko galdetegia Hot Potatoes aplikazio informatikoarekin burutu da:

Half-Baked Software

ESTEKAK

Beste instituzio batzuen helbide edo baliabideak ezagutu nahi badituzu bisita itzazu ondoko esteka honetan ageri direnak: 

Akustika-ikastaroa, GA-k egina © Copyright 2003. Eskubide guztiak erreserbatuta. Harremanak: acustica@lg.ehu.es