egokitzapen akustikoa

 

 
 
 
 
 
 

HELBURUAK

  1. Egokitzapen akustikoa deskribatzea.

  2. Areto baten baldintza akustikoak nola aldatu.

 

 

DESKRIBAPENA

Areto bat akustikoki egokitzeko soinuaren difusioa uniformea izatea lortu nahi da aretoko puntu guztietan. Horrela, entzuteko ahalmena hobetu nahi da eta aretoaren barneko erosotasun akustikoa handitu. Lehen aldiz, 1895. urtean, W.C. Sabine profesoreak burutu zuen lehen ikerketa eta bere ekarpena honela laburbil daiteke:

  • Areto baten ezaugarri akustikoen oinarria da objektu ezberdinek zurgatutako energia-proportzioa: hormek, sabaiak, zoruak etab.

  • Zurgatutako soinu-proportzioa erlazionatuta dago soinu-iturria isildu ondoren soinuak irauten duen denborarekin.

 

 

Egokitzapen akustikoaren ikuspegitik, entzulearengana iristen den soinu zuzenaren eta objektu ezberdinetan islatutako soinuen artean ez da atzerapen handiegia egon behar, oihartzun-efekturik ez agertzeko.

Areto baten egokitzapen akustikoa hobea izateko islatutako energia minimoa izan behar da, hau da, aretoaren barneko objektuek gainazal zurgatzaileak izan behar dituzte. Oso erabiliak dira gainazalak estaltzeko material porotsuak, granulodunak edota zunzdunak.

Erreberberazioa

Aretoen egokitzapen akustikoan oso faktore inportantea da soinu-iturria isildu ondoren soinuak irauten duen denbora, islapen ezberdinak direla medio. Soinu-iturria isildu ondoren aretoko soinuaren iraupena erreberberazioa deitzen da. Erreberberazio-denbora definitzeko ondoko hitzarmena hartu da: soinu-intentsitatea gutxituz doanean, intentsitatearen balioa hasierakoaren milioirena izan arte iragandako denbora, edo beste modu batean esanda intentsitate-maila 60 dB gutxitu arte iragandako denbora. Erreberberazio-denboraren kalkulua adierazpen enpirikoetan oinarritzen da; adierazpenok soinuaren difusioaren teorian daude oinarrituta, baina gerora esperientziak egiaztatzen ditu.

Erreberberazio-denbora egoki bat aukeratzeko aretoa zertan erabiliko den jakin behar da. Adibidez, goreneko baldintza akustikoak betetzeko esperientziak dio erreberberazio-denbora ez dela 2 segundo baino luzeagoa izan behar, baina gainazal islatzaile ezberdinen zurgapen koefizientea frekuentziarekin aldakorra denez erreberberazio-denbora ere frekuentziarekin aldakorra da. Aldakuntza hori mugatzeko erreberberazio-denbora frekuentzia ezberdinetan neurtzen da, ohiko frekuentzia adierazgarrienetan alegia: 125, 250, 500, 1000, 2000 eta 4000 Hz. W.C. Sabine profesorearen lehen ikerketan erreberberazio-denbora 500 Hz-tan soilik neurtzen zen, eta horregatik, ohituraz, erreberberazio-denbora aipatzen denean, beste azalpenik ematen ez bada, 500 Hz-rako adierazi nahi da.

Aretoen diseinurako faktore akustikoak

 

Areto baten akustika ondoko faktoreekin aldatzen da: erreberberazio-denbora egokia (aretoaren erabilera eta tamainaren arabera), soinu zuzen eta soinu erreberberatuaren arteko proportzio egokia, difusio egokia aretoko soinu-maila uniformea lortzeko eta intimitatea.

Akustika on batek soinu zuzena eta soinu erreberberatuaren artean proportzio egoki eta uniformea behar du areto osoan, baina soinu zuzenaren intentsitatea distantziaren karratuarekin gutxitzen denez, areto osoan proportzio konstantea mantentzea ezinezkoa izaten da.

Intimitatea lehen islapenen menpeko faktorea da. Lehen islapenak ugariak izan behar dira eta denboran zehar uniformeki banatuak. Belarrira iristen diren islapenak soinu zuzenarekiko 50 ms edo gutxiagoko atzerapenaz iristen badira soinua indartzen dute eta beraz soinu-sentsazioa hobetu. 50 ms dira soinu zuzenaren arteko eta soinu islatuaren arteko atzerapena, bien arteko bide-diferentzia 15 metrokoa denean. Horregatik soinu zuzena eta soinu islatuaren arteko distantzia ez da izan behar 15 metro baino handiagoa.

Areto baten barneko beste ezaugarri akustiko inportante bat da soinuaren uniformetasuna. Beraz, erreberberazio-eremua azkar hedatu behar da areto osoan soinu-nahasketa egoki eta uniformea gauzatu dadin. Difusibitate ona lortzen da material zurgatzaileak modu egokian ipintzen badira soinu-dispertsio maximoa lortzeko. Soinuaren difusioa hobetzeko aretoan barrena zenbait objektu koka daitezke: lanparak, altzariak, etab.

ADIBIDE ETA SIMULAZIOAK

Taulako erreberberazio-denboretatik, beste frekuentziatako erreberberazio-denbora egokiak ere kalkula daitezke f parametroa erabilita.

GALDERAK

a Nork osatzen du auditorio baten barneko soinu-eremua?

  1. zuzeneko soinuak eta oihartzunak

  2. batez ere zuzeneko soinuak.

  3. oihartzunak eta soinu erreberberatuak.

  4. zuzeneko soinuak eta erreberberazio-eremuak

b Sabine-ren formularen arabera zein magnituderen menpekoa da erreberberazio-denbora?

  1. aretoaren bolumena soilik.

  2. aretoaren bolumena eta hormen azalera.

  3. aretoaren bolumena, hormen azalera eta zurgapen koefizienteak.

  4. ez da frekuentziaren menpekoa.

c Gela baten neurriak honakoak dira: altuera 3 m, zabalera 4 m eta luzera 4 m. Hormak marmolezkoak dira a = 0.01, sabaia igeltsuzkoa a= 0.7 eta zorua zurezkoa a = 0.1 (datu guztiak 500 Hz-tan). Zenbat balio du gelaren erreberberazio-denborak?

  1. 7.68 s

  2. 0.58 s            

  3. 13.3 s 

  4. datu hauekin bakarrik ezinezkoa da kalkulatzea

d Ohituraz, erreberberazio-denbora aipatzen denean, beste azalpenik ematen ez bada, zein frekuentziarako adierazi nahi da? 

  1. 500 Hz

  2. 125, 250, 500, 1000, 2000  y  4000 Hz

  3. frekuentzia altuak

  4. frekuentzia baxuak

e Gela baten neurriak a, b eta c dira, eta bere gainazal guztiek dute zurgapen-koefiziente bera: a. Gelaren neurri guztiak bikoizten badira zein da erreberberazio-denbora?

  1. berbera.

  2. bikoitza.

  3. 1.26 bider handiagoa.

  4. ezin da kalkulatu datu hauekin.

  Emaitzak:  a4   b3   c2   d1   e2  

MULTIMEDIA ETA WEB BALIABIDEAK

Gai honetaz gehiago irakurri nahi baduzu, ondoko estekan erreferentziak aurkituko dituzu:   , eta gero honako atalean  .

AUTO-AZTERKETA

egokitzapen akustikoa

aurreko galdetegia Hot Potatoes aplikazio informatikoarekin burutu da:

Half-Baked Software

ESTEKAK

Beste instituzio batzuen helbide edo baliabideak ezagutu nahi badituzu bisita itzazu ondoko esteka honetan ageri direnak: 

Akustika-ikastaroa, GA-k egina © Copyright 2003. Eskubide guztiak erreserbatuta. Harremanak: acustica@lg.ehu.es