aurkezpena

Aurkezpena

Larramendiren GramatikaGramatika kontuek historia luzea dute, greziarrak, lehenik, eta erromatarrak, ondoren, gai hauetaz arduratzen hasi zirenetik. Traziako Dionisio k.a. II. mendean bizi izan zen, eta “Gramatikaren Artea” izeneko lana atera zen haren eskutik. Garai berekoa da Malosko Crates-ek ateratako gramatika. Paninik idatzi zuen, hala ere, lehenbiziko gramatika, sanskritoari buruz, orain dela 2.500 urte inguru. Antza denez, bazen han tradizio luzea orduko, kontu hauetan, beste gramatikari asko arduratu baitziren aurretik sanskritoaren gramatikaren gainean lan egiten.

kakotxa
kakotxa
Aski tradizio luzea dute gramatikek munduan. Idatzi, Paninik idatzi zuen lehenbizikoa orain dela 2.500 urte

Gure inguruko hizkuntzetan

Gure inguruko hizkuntzetan ere bada tradizio handia eta luzea gramatikaren gaien inguruan. Ez sanskritoarena bezain luzea, noski, ezinezkoa gainera: gaztelania eta frantsesa handik 1.500 urtera sortuko baitziren hizkuntza gisan. Nebrijak idatzi zuen lehenbiziko gramatika gaztelaniaz, 1492an, eta handik gutxira hiztegi bat ere. Frantsesez geroagokoak dira gramatikak. Lehenbizikoa Londresen argitaratu zuen John Palsgravek 1530ean.

Euskal gramatikak

Euskal IzkindeaEuskal gramatikek historia laburragoa dute. Larramendiren El imposible vencido (1729), izan zen euskararen gainean idatzitako lehenbiziko gramatika. Hala ere, euskaraz idatzitako lehenbiziko euskal gramatika XIX. mendearen amaieran idatzi zuen Azkuek: Euskal-Izkindea. Gero beste asko atera dira. Ezinbestekoa da, horien artean, Patxi Goenaga irakasleak 1980ko hamarkada hasieran atera zuen Gramatika bideetan izeneko liburua, eta Euskaltzandiak ateratako EGLU izeneko liburukiak aipatzea.

SEG zer den

Ohartuko zara berehala, irakurle, hemengo gramatika hau ez dela ohiko horiek bezalakoa, arrazoi askorengatik. Edukiari behatzen badiogu, askoz ere gauza gehiago ikusiko duzu hemen: gramatika arruntetan, hemen “MORFOSINTAXIA” deitu dugun atala bakarrik lantzen baita batez ere. Ikusiko duzunez, pantailan ikusten ari zaren gramatika honetan atal bat besterik ez da morfosintaxia. Luzea, hori bai, baina aldamenean beste hainbeste atal baditu. Gramatiketan nekez aurkitzen da euskalkiei buruzko informazioa; hizkuntzaren jabekuntzaz ezer gutxi esaten da; hizkuntzaren prozesamendua ez da aipatzen; hiztegiaren kontua ere guztiz bigarren mailan geratzen da, eta abar. SEG-en horiek guztiak lantzen dira (edo landuko dira). Badu gramatika honek, bestetik, beste ezaugarri argi bat: sarerako egina da, Interneten kontsultatzeko. Ez dugu holakorik gehiegi aurkitu munduan: badira, bai, informazioak han-hemenka, gramatika eta hizkuntzei buruz, baina ez dira hemen eskaintzen dugun lan honen pareko. Internetek aukera handiak ematen ditu, batez ere leku batetik bestera ia modu automatikoan mugitzeko, gaiak elkarren artean erlazionatzeko, inguruko informazioa jasotzeko, eta abar. Informazioa, gainera, edozein hizkuntzatan jaso daiteke, eta erabiltzen diren euskarriak ere era askotakoak dira: letrak, marrazkiak, audioak, bideoak, eta abar. Gaia bera ere gaurkotzea errazten du, horretan ez du zerikusirik liburuekin: hemen, gaur idatzitakoa bihar alda daiteke, egokia ez dela ikusten baldin bada, edo esan nahi dena behar bezala adierazteko modu aproposagoa aurkitzen baldin bada.

Esan dezagun beste gauza bat ere aurkezpen honetan: gramatika hau egiteko wiki plataforma erabili dugu, wikipediak egiteko erabiltzen dena. Eta beste kontu bat, ahaztu ezin dena: gramatika bukatu gabe dago, horretaz ere konturatuko zara, batzuetan edukirik gabeko izenburuak aurkituko baitituzu. Ondoko hilabeteetan, ondoko urteetan, gai gehiago sartzen segituko dugu, landu ahala. Ez du esan nahi informazio gutxi dagoela. Asko dago, baina, oraintxe berean esan bezala, Interneteko lanabes hauek ez dute mugarik jartzen, eta beti sar daitezke gauza berriak.

Hizkuntzaren inguruan ikerketa asko egin dira azken urteotan, eta bide berriak ireki dira arlo guztietan. Hemen ikus dezakezu, esaterako, aplikazio interesgarri bat, EHU-ko ikertzaile talde batek garatzen duena: zuk idatzitako testu bat irakurriko du zuzenean beste aldean dagoen makinak.

Anitzetan hizkuntza eta literatura elkarrekin joan izan dira, nahiz bi arlo desberdin diren. Hemen ez gara literaturaz ariko batere. Zernahi gisaz, euskal literaturaz informazioa nahi izanez gero, bi toki hauetan kontsulta dezakezu: batetik, hemen aurkituko duzu literatura egile eta lanei buruz informazioa, eta hemen ikus dezakezu, bestetik, egungo euskal literatura modernoaren lanak zein hizkuntzatara itzuli diren, nork itzuli dituen, eta abar. Horren inguruko informazio xehe eta gaurkotua dago.

EHUko Euskara Institutuak beste aukera bat eskaini nahi die euskaltzale guztiei.

Aurreko oinarriak

COROMINAS, ETXENIKE, MITXELENA, 1971 Proiektu hau zuzentzen dugunok harreman estuak izan genituen Koldo Mitxelena irakaslearekin. Koldo Mitxelena da, gure ustez, euskara kontuetan Euskal Herriak eman duen ikertzaile bikainena. Haren lanari esker profesionalizatu ziren, nolabait ere esan behar badugu, euskal ikerketak. Berak bultzatu zituen euskal filologiako ikasketak, berak landatu zituen orain hain fruitu oparoa ematen duten landareak, Errenteriako maisuari zor diogu euskara hobeki ezagutzea. Ez da dudarik euskararen osasuna Euskadiko erkidegoan bederen, orain dela 30 urte baino hobea dela. Askoz ere hobea. Bi arrazoi nagusirengatik da hori: batetik, euskarak lortu zuela kode komun idatzi bat, idazle guztiek segitzen dutena gaur egun; bigarren arrazoia, garai hartako Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzak, kode horren aldeko apustu garbia egin zuelako. Lehenbizikoak, ezerezean gelditzeko arriskua zuen, berehala gobernua bere indar guztiarekin etorri ez balitz. Baina etorri zen, eta batasunaren arrakasta, neurri handi batean, gobernuaren eraginari zor zaio, askotan euskaltzaleak ez bagara horrek duen garrantziaz konturatzen ere. Horrenbeste euskalki eta hizkera izanik, Batasuna bultzatu zuen Euskaltzaindiak, idazteko kode komuna aurkitu nahirik, eta batasun eredua Mitxelenari zor zaio, berak egin baitzuen funtsezko proposamena, Euskaltzaindiak hala eskaturik, Arantzazuko bilkuran. Berak jarri zituen oinarriak. Hizkuntza oinarri horiek arduradun politikoen babesa behar zuten. Eta behar horiek Karlos Garaikoetxeak, garai hartako lehendakariak, eta Pedro Miguel Etxenikek, garai hartako Hezkuntza eta Kultura sailburuak, paratu zituzten. Gero etorri zen azkeneko, eta ezinbesteko, bultzada nagusia: idazleek ere, gehien mugitzen eta idazten zuten idazleek, ez zuten zalantzarik izan bide hartatik segitzeko.

Euskararen historia laburra

Euskaren oinarrizko ezaugarriak zein diren hemen ikus dezakezu.

Oharra: Gramatikan ikus daitezkeen argazkiak zer diren jakiteko kurtsorea argazkiaren gainean jarri behar da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aurkezpena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3