EGOkITU Ingeniaritza

EGOkITU UDAKO CAMPUSA

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola: DONOSTIA

Ingeniariek arazoak ebaztu eta irtenbideak bilatzen dituzte.  Arloaren arabera teknologia desberdinetan espezializatzen dira eta honen ondorioz ingeniaritzak adar anitz dauzka.

NORI ZUZENDUTA?

Gure bizitza hobetzeko ideiak erakartzen bazaitu, konponbide teknologiko eraginkorrak eta iraunkorrak garatuz eta aplikatuz, ikastaro honekin probatu beharko zenuke. Jan zure jakin-mina!

HIZKUNTZA

Ikastaroa elebiduna (euskeraz/gaztelaniaz) izango da. Euskaraz ulertzea beharrezkoa da.

LEKUA: Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola-DONOSTIA. 

 

JARDUERAK:

  1. Bioplastikoak sukaldatzen. Jasangarritasunaren errezeta. Iraunkortasunak hondakin gutxi sortzea eta, gainera, berrerabili ahal izatea eskatzen du. Jarduera honetan, adibide praktiko baten bidez ikusiko dugu nola sor daitezkeen, hainbat hondakin erabiliz, elikagaiak ontziratzeko edo biomedikuntzan erabil daitezkeen film bioplastikoak. Jakingo dugu zer propietate izan behar dituzten eta nola amaitzen duten beren bizi-zikloa. Gainera, ProteinMat enpresak hainbat hondakin nola erabiltzen dituzten eta 3D inprimaketarako biotintak nola egiten dituzten azalduko digu.           
  2. Street Scape. Escape Room-ak gustuko dituzue? Hiri bat zeharkatzeko gai izango zinateke mapak eta sinboloak interpretatuz? Erantzuna baiezkoa bada, lurraldeak esploratzea eta taldean lan egitea proposatzen dizuegu, pistak aurkituz eta enigmak ebatziz.
  3. Elektrizitatea: etorkizuneko motorra. Argindarra nola sortzen den eta mugikortasun elektrikoan duen aplikazioa ezagutuko duzu. Eguzki-instalazio fotovoltaiko bat muntatuko dugu eta baita ere ibilgailu elektrikoetan erabiltzen diren makinen prototipoak.
  4. Uraren indarra. Ura, planetako energia berriztagarrien iturri zaharrenetakoa da, ba al dakizu zergatik? Nola funtzionatzen du? Urarekin jolastuko dugu eta entsaioak egingo ditugu non guzti hau eta gehiago ikasiko duzun. Busti beldurrik gabe!!
  5. Automatikak egunero laguntzen digu. Etxetik irten eta igogailu batean sartzen gara, makina batean freskagarri bat erosten dugu edo bakarrik aparkatzen duen auto bat ikusten dugu. Eguneroko bizitza Automatikaren aplikazioez beteta dago. Benetako adibideak automatizatzen ikasiko dugu, ordenagailu edo mugikor batetik kontrolatuta funtzionatzen ikusiko ditugu eta haiekin jolastuko gara. Gainera, enpresa bateko langileen prestakuntzan errealitate birtuala/areagotua erabiltzeko garatzen ari garen benetako proiektu bat ezagutuko dugu.
  6. Nola antolatzen dugu ekoizpena lantegi batean. Imajinatu baldintza batzuk betetzen dituen produktu bat fabrikatu behar duzula, adibidez, gominolazko piramide bat, ahalik eta altuena eta hegazkin baten inpaktuari aurre egiteko gai dena! Nola antolatuko zenuke ahalik eta denbora gutxienean berau ekoizteko fabrikazio-prozesua?, zenbat langilerekin?, nolako gominola-biltegi beharko zenuke?, zenbat ekarri behar dizkizute egunero eraikitzen duzun bitartean?... Baietz lortzen dugula!
  7. Airearen indarra. Pneumatikak airea erabiltzen du mekanismoak eta/edo makinak mugitzeko eta funtzionarazteko. Jarduera honetan dibertitu egingo gara, lehenik zirkuitu txikiak simulatuz ordenagailu batean eta ondoren laborategian muntatu eta nola funtzionatzen duten ikusiz. Parte hartzera ausartzen zara?
OHARRA: Donostiako Ingeniaritza taldeetan lekuak agortu dira.