Haurren asma diagnostikatzeko eta kontrolatzeko aurrerapauso berria
Lehenengo argitaratze data: 2013/10/07
UPV/EHUko ikertzaile batek asmaren eta botatako oxido nitriko mailaren arteko harremana aztertu du bere doktoretza-tesian. Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pneumologia Pediatrikoa zerbitzuan egin du ikerketa.
Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pneumologia Pediatrikoa zerbitzuan egindako ikerketan, Paula Corcuera Elóseguik, Haurren Pneumologiako mediku-ondokoak, ikertu du zenbateraino den baliagarria botatako oxido nitrikoaren maila neurtzea haurren asmaren diagnostikoa eta tratamenduaren monitorizazioa eta jarraipena egiteko proba osagarri gisa. Proba erabilgarria dela frogatzeaz gain, bularreko umeetan aplikatzeko teknika bat garatzea lortu du.
Asma da haurren artean gehien agertzen den gaixotasun kronikoa. Corcuera doktorearen hitzetan, "penintsularen iparraldean, haurren % 10ek dute asma. Azken urteetan aurrera egin den arren, gaixotasunak ondorio garrantzitsuak ditu, oraindik ere, gaixoentzat, haien familientzat eta osasun-sistemarentzat.
Corcuera doktorearen ustez, asma gaixotasun konplexua da, "desberdina baita haur bakoitzean, eta tratamenduekiko erantzuna ere desberdina baita kasu bakoitzean." Gaixotasuna diagnostikatzeko eta gaixotasunaren kontrol-maila neurtzeko tresna nagusia espirometria da gaur egun; horren bidez, biriken funtzioa azter daiteke. Hala ere, gerta liteke espirometria nahikoa ez izatea, eta azken urteetan markagailu garrantzitsu bat sortu da, espirometriak emandako informazioa osatzen duena: botatako oxido nitrikoaren maila neurtzea. Hain zuzen, horixe ikertu du Corcuera doktoreak.
"Ugaztun guztiok botatzen dugu molekula hori" azaldu du Corcuera doktoreak, "eta badakigu asma dutenek -bai eta beste gaixotasun batzuk dituztenek ere- ohikoa baino balio handiagoa ematen dutela". Paziente pediatrikoek botatako oxido nitrikoari buruzko ikerketa gutxi egin direnez, Haurren Pneumologia unitateak ikerketa-lerro bat jarri zuen martxan, botatako oxido nitrikoaren maila neurtzea zenbateraino den baliogarria ikertzeko.
Zortzi urteko ikerketa izan da, eta haren alderdi batzuk azaldu ditu Corcuera doktoreak. Adibidez, bularreko haurrekin, "sudurra eta ahoa estaltzen dizkien maskarak erabili ditugu; hala, ohiko bolumeneko hainbat arnasalditan botatako oxido nitrikoa jasotzen dugu". Haur handixeagoekin, analizatzaile eramangarriak baliozkotu dituzte (ez dute ekipamendu hain konplexua behar, ez eta langile hain espezializatuak ere).
Nabarmentzeko moduko emaitzak
Corcuera doktoreak onartu du teknikak badituela muga batzuk, eta azterketa klinikoarekin eta espirometriako probarekin osatu behar dela beti. Hala ere, frogatu du proba baliogarria dela, bai gaixotasuna diagnostikatzeko, eta bai pazienteak monitorizatzeko. "Nabarmentzeko moduko emaitzetako bat da bularreko haurrek kanporatutako oxido nitrikoaren maila ere neur daitekeela", azaldu du Corcuerak. "Ikusi dugu, edozein adinetako haurra dela ere, ohiko bolumeneko hainbat arnasalditako maila azter daitekeela, ahoa eta sudurra estaltzen dituen maskara erabiliz gero".
Nabarmentzeko beste alderdi bat da normalean maila proximalean botatako oxido nitriko maila zehazten dela, hau da, bronkioetakoa. Donostia Unibertsitate Ospitaleko ikerketa honetan, ordea, maila distaleko edo albeolarreko oxido nitrikoa ere neurtu dute. Ezberdintasuna garrantzitsua da; izan ere, emaitzak ikusita, badirudi oxido nitriko albeolarraren maila handia izateak esan nahi duela asma larriagoa duela pazienteak.
"Oxido nitriko albeolarraren maila zehazteko, beste teknika bat erabili dugu, hainbat fluxutako oxido nitrikoaren maila zehazten duena", adierazi du Corcuerak. Sei eta hamasei urte bitarteko gazteekin erabili dute teknika hori. "Eredu matematiko baten bidez, oxido nitriko albeolarra neurtzen dugu, eta badirudi maila handiagoa dutenek krisi gehiago izan dituztela neurketa egin aurreko hilean".
Hala ere, erlazio hori ez da erabakigarria, doktorearen ustez: "Izan ere, lagina nahiko txikia zen, eta hautatutako taldeko pazienteek ez zuten asma oso larria". Hori dela eta, ikertzaileek azaldu dute asmoa dutela "alderdi hori ikertzen jarraitzeko, emaitza argiagoak lortzeko".
Corcuera doktoreak egindako tesiak (Botatako oxido nitrikoa eta asma: metodologia, emaitzen interpretazioa eta haurretan dituen aplikazioak) orain arteko emaitzak eta ondorioak jasotzen ditu. Egindako lanak hedapen handia izan du ikerketa medikoaren arloan; lau artikulu argitaratu dira aldizkari espezializatuetan.
Egileari buruz
Paula Corcuera Elósegui (Donostia, 1980) Medikuntzan lizentziatu zen UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean, ikasketa-espedientean bikain nota izanda. Pediatrian eta harekin lotutako esparruetan espezializatua da, eta Haurren Pneumologia unitateko Pediatria zerbitzuko mediku-ondokoa da 2008tik, Donostia Unibertsitate Ospitalean.
Botatako oxido nitrikoa eta asma: metodologia, emaitzen interpretazioa eta haurretan dituen aplikazioak doktoretza-tesia egin du UPV/EHUko Medikuntza Fakultatean, Eduardo González Pérez-Yarzaren -Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Pediatria zerbitzuko buru eta UPV/EHUko Pediatriako irakasle titularraren- eta Javier Korta Muruaren -ospitale bereko Haurren Pneumologia zerbitzuko buru eta UPV/EHUko Pediatria zerbitzuko irakasle elkartuaren- zuzendaritzapean.
Egindako argitalpenak:
- Sardón Prado O, Aldasoro Ruiz A, Korta Murua J, Mintegui Aranburu J, Emparanza Knorr JI, Pérez-Yarza EG. "Concordancia entre dos dispositivos de medida de óxido nítrico exhalado". An Pediatr (Bartz.). 2007; 67: 572-577
- Sardón Prado O, Pérez-Yarza EG, Aldasoro Ruiz A, Korta Murua J, Mintegui Aranburu J, Emparanza Knorr JI. "Fracción exhalada de óxido nítrico: validación de la medida con tiempo de espiración de 6 s con dos analizadores diferentes". An Pediatr (Bartz.). 2008; 69: 221-226
- Sardón-Prado O, Korta-Murua J, Valverde-Molina J, Fernández Paredes JJ, Mintegui J, Corcuera-Elosegui P et al. "Association among lung function, exhaled nitric oxide, and the CAN questionnaire to assess asthma control in children. Pediatr Pulmonol. 2010; 45: 434-439
- Sardón-Prado O, Pérez-Yarza EG, Aldasoro-Ruiz A, Korta-Murua J, Corcuera-Elosegui P, Mintegui-Aramburu J et al. "Óxido nítrico exhalado e índice predictivo de asma en menores de dos años". Arch Bronconeumol. 2011; 47: 234-238
- Castro-Rodriguez JA, Sardón O, Perez-Yarza EG, Korta J, Aldasoro A, Corcuera P et al. "A young infants with recurrent wheezing and positive asthma predictive index have higher levels of exhaled nitric oxide". J Asthma. 2013; 50: 162-165