Kalkuluen arabera, 186 milioi pertsona inguruk ernalezintasun arazoak dituzte mundu osoan eta kasuen % 30ean eta % 50ean bitartean, jatorria gizonean dago. Semen parametro normalak dituzten gizonen % 20ak eta % 30ak bitartean, halaber, zailtasunak ditu ernalarazteko. Laguntza Bidezko Ugalketako Teknikak paziente horiek duten aukeretako bat badira ere, prozesu guztien heren batek baino ez du emaitza positiborik lortzen.
UPV/EHUko talde batek espermatozoideen hautaketa hobetzen duen estrategia berri bat garatu du
Ezagutza merkatura transferitzea sustatzen duen CaixaImpulse programak aukeratu duen lehen euskal proiektua da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2017/07/21
UPV/EHUko Fisiologia irakasle Nerea Subiranek zuzendu duen ikerketa batek giza espermatozoideen hautaketa egiteko metodoak hobetu nahi zituen; honela, enbrioiaren kalitatea handitzeaz gain, Laguntza Bidezko Ugalketako Tekniken arrakasta maila handituko bailitzateke ere. Horretarako, espermatozoidetako biomarkatzaileen presentzian oinarritutako sistema bat garatu da. Aldi berean, erabilerraza eta azkarra den hautaketa-kit bat merkaturatzea nahi dute, laguntza bidezko ugalketako kliniketan erabil zitekeena.
Espermatozoideen hautatzeko estrategia berria patente fasean dago eta bi edo hiru urte barru egun aplikatzen diren teknikentzako osagarri gisa erabil zitekeen, bahe zorrotzago bat gehituz espermatozoideak hautatzeko prozesurako. Ikerketa taldearen kalkuluen arabera, espermatozoide injekzio intrazitoplasmatikoaren bitartez egun lortzen den haurdunaldi tasa % 20an hobe daiteke sistema berri honi esker.
SpermSelect izeneko proiektu hau CaixaImpulseko hirugarren deialdiaren barruan aukeratua izan da. Babes ekonomikoa eta prestakuntza eskaintzen dituen programa horren xedea da ikerketa zentro, unibertsitate eta ospitaletan sorturiko zientzia ezagutza gizartera transmititzen laguntzea patenteak, enpresen sorkuntza eta transferentzia hitzarmenak bultzatuz.
CaixaImpulse programan sarturiko proiektuen aukeratzea arlo ezberdinetako (industria farmazeutikoa eta bioteknologikoa, merkataritza eskolak eta osasun arloko enpresak) adituen ardura izan da. Proiektuaren inpaktu soziala, berrikuntza maila edo merkatuan duen potentziala aintzat hartutako zenbait irizpide izan dira. "Adin batera iritsita egun, denek daukagu laguntza bidezko ugalketako tratamendu bat jarraitu ahal izateko ugalketa klinika batengana joan behar izan duen ahaide edo lagunen bat", azaldu du Subiranek. Bere iritziz, "ernalezintasuna benetako arazo bat da egungo gizartetan eta gure berrikuntzak, ondorioz, onura ukaezina dakar gizarterako eta, zehazki, beren ugalketa bizitzan zehar ernalezintasun arazoren bat izan duten bikote guztientzat."
SpermSelect proiektua espermatozoideen ahalmen ugalkorrean inplikaturiko mekanismo molekularrak ezagutzeko xedearekin egin den hamar urte luzeko lanaren emaitza da, hori lortuta ernalezintasun kasu askoren jatorria ulertu baitezakegu. "Mekanismo horiek hobeto ezagutuz gero, ernalezintasuna tratatzeko itu eta estrategia terapeutiko berriak garatzeko aukera izateaz gain, laguntza bidezko ugalketako tratamenduak hobetu ditzakegu ere; eta hor kokatzen da gure berrikuntza", nabarmendu du ikertzaileak.
Lehen euskal proiektua
Aurten, 64 zentro ezberdineko 80 proiektu aurkeztu ziren eta 23 aukeratu dira azkenean. Orain arte egin diren CaixaImpulseko hiru edizioetan aukeratua izan den lehen euskal proiektua da SpermSelect. "Programari esker, Euskal Herrian garatzen den ikerketa industria bioteknologikoan eta farmazeutikoan eskarmentu handia duten adituen aurrean ezagutarazteko aukera dugu, bai eta gure berrikuntzan oinarritutako start-up baten sorreran parte hartzeko interesa izan zezaketen nazioarteko zein nazio-mailako inbertsoreen aurrean ere", nabarmendu du Subiranek.
CaixaImpulsen aukeratutako proiektuek 70.000 euroko laguntza jasoko dute, gehienez, balorizazio eta komertzializazio planen gauzatzea finantzatzeko. Horrez gain, aholkularitza eta babes programa bat eskainiko zaie ere. SpermSelecten kasuan Clara Campàs doktorea izango da aholkularia, Estrategia eta Garapen Zuzendaria Kern Pharma farmazeutikoan.
Caixa Capital Riscekin batera programa sustatu duen La Caixa Banku Fundazioko zuzendari nagusi Jaume Girók adierazi duenez, "Espainiak erreferentzia diren ikertzaileak eta ikerketa talde bikainak ditu baina beste aurrerapauso bat eman beharra dago ezagutza guzti hori balioan jarri eta gizartera transferitzeko; honela, pertsonen ongizatea handitu eta, aldi berean, aberastasun handiagoa sortuko baita herrialdean".
Ikerketa taldea osatzen dutenak honako hauek dira: Nerea Subirá Ciudad, Jon Irazusta Astiazarán, Luis Casis Sáenz, Marta Gianzo Citores, Yosu Franco, Itziar Urizar Arenaza, Iraia Muñoa Hoyos eta Maria Velasco.