Aurrerapausoak ontzi biodegradagarrien garapenean
Plater kozinatuak ekoizteko metodologia egokitu dute UPV/EHUko Biomat taldeak eta Yon Mikel Janariak enpresak, plastikoaren ordez benetan ontzi biodegradagarriak erabiltzeko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2021/02/17
Gaur egun, kontsumitzaileak azkar kontsumitzeko moduko produktuak nahi ditu, eta errazio arras handirik ez dutenak, elikagaiak alferrik ez galtzeko; gainera, ontzi edo bilgarri jasangarriak nahi ditu, hondakin gutxiago eragiteko eta onura ekonomikoak eta ingurumen-onurak sortzeko, ekonomia zirkularraren estrategiarekin bat. Bide horretan, aurrerapauso bat eman dute Euskal Herriko Unibertsitateko Biomat taldeak eta Yon Mikel Janariak enpresak, zeinak Xumuxua izenarekin merkaturatzen baitu; SOSPACK-Desarrollo de packaging sostenible izeneko proiektuan, lankidetzan aritu dira paketatze jasangarria garatzen, eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren diru-laguntza izan dute.
Azken urteotan asko handitu da plater prestatuen eta aurrez prestatutako jakien merkatua. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren datuen arabera (MERCASA 2019 txostena), jaki prestatuen kontsumo-ehunekorik handiena etxebizitzei dagokie lehenik, eta sukaldaritza komertzialari, bigarrenik. Azken bost urteetan, jaki prestatuen kontsumoa 2,3 kg handitu da pertsonako, eta gastua, 11,7 €. Halako produktuak 2,5 aldiz azkarrago hazten dira gainerakoak baino; alegia, jendeak plater prestatuak jaten ditu etxean. Erosten diren lekuari dagokionez, kontsumitzaileek supermerkatuetan erosten dituzte batez ere jaki prestatuak (merkatu-kuotaren % 74,1); ondoren, hipermerkatuetan (% 14,6) eta saltoki espezializatuetan (% 3,1).
“Oro har —nabarmendu du Pedro Guerrero Biomat taldeko ikertzaileak—, gero eta denbora gutxiago daukagu jakiak prestatzeko, eta gero eta joera handiagoa daukagu azkar prestatzen diren produktuak erosteko, erosoago ibiltzeko. Are gehiago, belaunaldi berriek, oro har, ez ditugu gureganatu helduen sukaldeko abileziak, eta horrek areagotu egin du jaki prestatuen eskaera; izan ere, kontsumitzaileen gaur egungo bizimodura eta etxebizitza- eta familia-ereduetara egokitzen dira. Beraz, indarraldi horren oinarrian daude halako jakiak azkar eta erraz prestatzen direla eta merkatuan aurrez kozinatutako askotariko produktuak aurkitu daitezkeela”.
Testuinguru horretan, proiektuaren erronka nagusia izan da Xumuxuak prestatutako produktu-sorta zabala ontzi biodegradagarrietan aurkeztea. Horretarako, ontzi berrietara egokitzen den ekoizpen-metodologia bat garatu dute; ontziek elikagaien kalitate eta freskurari eusten diote, eta zer bizitza baliagarri duten aztertu dute. “Ontzi konpostagarriak erabiltzeko ekoizpen-metodologia garatu eta errazio egokiak aurkeztu ondoren, saltokietan merkaturatu ahal izateko behar zen bizitza baliagarria lortzera bideratu zen lana, eta kontsumitzaileen eta banatzaileen eskaeraren arteko oreka bilatu zen. Hala, 14 eguneko bizitza baliagarria ezarri zen. Horretarako, kontuan izan da kontsumitzaileek produktuaren kalitateari ematen diotela garrantzi handiagoa iraupenari eta bizitza baliagarriari baino; izan ere, beren osasunaz arduratzen dira”, argitu du Pedro Guerrero irakasleak.
SOSPACK proiektutik ateratako ondorioetako bat da “badela plastikoaren ordez erabiltzeko benetako alternatiba bat, eta kontsumitzaileek badutela aukera alternatiba hori eskatzeko eta supermerkatuetako lerroetan aurkitzeko”, dio Biomateko ikertzaileak.