Barne-belarriaren
funtzionamendua
Bestibuluak zulo bi ditu (leiho obala
eta biribila) biak mintz banarekin estalita. Leiho obala
estribora lotuta dago eta beraren bibrazioak jasotzen ditu.
Koklea luzetara banatuta dago, mintz basilarraren bitartez eta
bertan lotzen dira entzumen-nerbioaren bukaerako filamentuak.
Estriboak leiho obala bultzatzen duenean, presioa handitzen da
koklearen gainaldean, eta gainpresio horrek fluido
linfatikoari zirkulatzea eragiten dio, beheko alderantz,
helikotreman zehar, eta bitartean mintz basilarra beherantz
bihurritzen da. Azkenik, leiho biribila estaltzen duen mintz
elastikoa kanpoalderantz puzten da.
Estriboa ezkerrera
eta eskumara mugitzean, mintz basilarraren gaineko
likidoaren presioa handituz eta gutxituz, mintzean zehar uhin
bat gauzatzen da, ezkerrera eta eskumara propagatzen dena.
Uhin honetan mintza gora eta behera desplazatzen da, zeharka.
Uhinaren propagazio-abiadura frekuentziaren menpekoa da eta
aldi berean mintz basilarraren ezaugarrien menpekoa. Koklearen
punturen batean abiadura nulua da. Puntu horren ondoan mintzak
gora eta behera oszilatzen du indar handiagoz, eta beraz
uhinaren energia efizientzia handiagoz zurgatzen du. Modu
honetan, mintz basilarraren puntu bakoitzak frekuentzia bati
erantzuten dio.
Belarriak jasotako
soinuak zenbait frekuentzia ezberdin baditu gainezarrita,
frekuentzia bakoitzak mintz basilarraren puntu ezberdin bat
kitzikatzen du, eta zerebroak, soinu horren tinbrea
analizatzeko, interpretatu behar du soinu horrek zein
frekuentzia dituen eta frekuentzia bakoitzak zein intentsitate
duen; horretarako analizatu behar du entzumen-nerbioaren zein
filamentu kitzikatu diren eta filamentu bakoitza zein
intentsitaterekin. Beraz, barne-belarriak soinu analizatzaile
gisa funtzionatzen du. |